XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Labur: azi ta ezi tantaka-tantaka lez, leize-zuloan goitiko tangadak dagiana, Jainko-grazi ta doez geure giza izateak bete-bete egin arte.

Denbora aurrera eta gu ere bai haren harian.

Heldu zitzaien gazte haiei ere profesa-eguna.

Elizkizun samurra, hunkipenezkoa.

Ondoren etxekoak eta hainbat urtez ikusi gabe zituen senide eta adiskideak agurtu eta anaiarteko bazkaria.

Hura berbaroa!

Bazkalondoan, berriro ere zorionak, eskumuinak etxeko eta senitartekoei ematea!

Agur eta kito...

Amets bat itzali da.

Geroko urteak eta ametsak

Hurrengo urtea Markinan.

Euskal idazle gisa Larrean hasitako ildotik hegazkadatxo laburrak baina gogara eginez zihoan.

Zoriontsu zen, baina ustekabean eta onen-onenean ezbeharra: Ikastetxe zaharreko lehen ikasketak burutu eta nobiziatuan sartu orduko, azken ibilalditxoa egin zuten hango ikasleek euren irakasleekin.

Haien artean zen Bixente Onaindia ere, Aita Santiren anaia, hau baino bi urte gazteagoa.

Urkiolara joan ziren eta handik Anboto puntara.

Han irrist eginik, amildegitik behera eroririk galdu zuen bizia.

Hura samina!

Ikasketa nagusiei Gasteizen emango zieten hasiera.

Hemen filosofiako hiru urteak eta Begoñako Karmelon teologiako lau urteak, apaiz-karrera bukatu arte.

Gazteizen aldizkaritxo bat ateratzen zuten ikasleek, euskaraz, gaztelaniaz, latinez... Renacer zuen izena.

Begoñako Karmelon, teologiako ikasle zela, asko idatzi zuen Santi Onaindiak, KARMENGO ARGIA aldizkarian batez ere.

Gazte ameslaria genuen Santi.